XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Domingo Agirre, Jose Manterola eta R.M. Azkue izan ziren, besteak beste, euskal pizkundearen bultzatzailerik nabarienetako batzuk. Idazle hauetako gehienak ingurune karlista edo integristatik zetozen eta euskal gizarte aurreindustrialean jarrita zeuzkaten beren sentimendu eta literatur moldeak.

Pizkunde honek bi gai jorratu zituen bereziki. Bata, euskal bizimolde tradizionalaren izaera armoniatsu eta garbia, gizarte industrial eta gatazkatsuaren miseriekiko oposizioan. Bestea, euskaldunen borroka epikoa beren askatasunak eta kultur ondare berezia kanpoko usurpatzaileengandik defenditzeko. Alde honetatik, euskal abertzaletasunaren aitzindaritzat jo daitezke (nazionalistak avant la lettre).

Campionek beste hamahiru lagunekin Asociación Euskara de Nabarra izeneko elkartea sortu zuen 1877an. Elkartearen aldizkarian, Revista Euskara delakoan, argitaratutako idazlanetan nabarmena da baloreen kontraste ideologikoa: alde batetik, mundu errurala - tradizioa - moraltasuna - kontrarreboluzioa - euskara, eta bestetik modernitatea - aldakuntza ekonomiko eta kulturala - degenerazio morala - iraultza arriskua - erdara.

Euskal gizarte tradizionala Arkadia zoriontsua da; herri modernoak, berriz, obszenoak eta doilorrak. Kanpotik datorren mehatxua modernitateari bizkarra emateko aitzakitzat erabiltzen da: aurrerapen teknikoek Euskalerriaren hondamendia besterik ez dakarte.

Campionen narrazio motzetan oso ondo islatzen da bere pentsakera. Blancos y negros-en, esaterako, arrosa kolorez pintatzen zaigu euskal mundu arkaiko, zoriontsu eta antikapitalista. Bertan ageri den maisu erdaldunak profesaba al regionalismo odio de jacobino eta singularmente detestaba al baskuence... con el furor del renegado, del parricida. Etsaiak eta gizatxarrak beti kanpokoak dira.

Denbora anchiñakoen ondo-esanak izeneko leiendan osoki jasotzen dira Campionen planteamendu erromantikoak.